2010/10/29

Ana la de Tejas Verdes


"Ana la de Tejas Verdes" 10-12 urterekin ikusten nituen marrazki bizidun batzuen izenburua zen. (goizeko 8etan jaikitzen nintzen larunbatetan kapituluak ikusteko!) Hasiera batean, telebistatik ezagutu banuen ere, ondoren, Lucy Maud Montgomery-ren liburuak deskubritu nituen eta 8 aleak eskuratu eta irakurri nituen.

Istorio honetako pertsonaia nagusia Ana Shirley da, bederatzi urte inguruko umezurtza. Gaizkiulertu bati esker Matthew eta Marilla Cuthbert anai-arreba zaharrek etxean hartzen dute Ana. Neskatila ilegorri honen burugogorkeriak eta paregabeko imajinazioak hainbat buruhauste ekarriko dizkien arren, Anaren buru argi eta bihotz onak guztiz irabaziko ditu anai-arreba hauen eta baita Avonleako herritarren bihotzak ere.

8 liburuetan zehar Anaren bizitza kontzen du idazleak, haurtzarotik, gaztarora eta, ondoren, helduarora ailegatu arte. Urte horietako lagunek, ikasketek, maitasun eta gorroto kontuek oso istorio bitxi, dibertigarri eta goxoak biltzen dituzte.

Idazkerari dagokionean,  berriz, deskribapen asko erabiltzen dituela aipatu behar da, Anaren imajinazio eta erromantizismoak beti aurkitzen baitu edertasuna gauzarik txikienetan ere. Hori dela eta, esan behar dut, liburu hauek irakurtzeari esker nire gaztelaniazko hiztegia dezente aberastu zela edo, normalean, 12 urtekook erabiltzen ez genituen hitzak ikasteko aukera eman zidala: "el lago de las aguas cristalinas", "el paseo de los amantes", "la burbuja de la dríada", "la avenida de los álamos ventosos"... edo tankerakoak.

Honegatik guztiagatik, oso maiteak ditut liburu hauek eta, aitortu behar dut, duela urte gutxi, berriz irakurri nituela.

Tira ez dakit zuetako inork Ana la de Tejas Verdes ezagutuko duen, nire ingurukoen artean, behintzat, ez baitut uste jende gehiegik ezagutzen zuenik. Baina beno, guztiok ditugu haurtzaroan ezagutu eta  oraindik bereziki maite ditugun istorio, liburu edo pertsonaiak. Zein dira zuenak?

3 comentarios:

  1. Literatura, liburuak irakurtzea ez da erraz. Ez da besterik gabe entretenimendua, beste zerbait da. Horrek eskatzen du beste irakurketa batzuk. Eta nola ez, gure hizkuntzan argitaratzen diren liburuak. Animo! eta segi horrela, lana egiten

    ResponderEliminar
  2. Bueno, bueno! Azkenean badugu zure berri blog honetan, pozten naiz!
    Badakizu ez nagoela guztiz ados lehen bi esaldietan aipatzen duzunarekin... Nire iritziz, bakoitzak aukeratzen du zertarako irakurtzen duen, zer bilatzen duen eskuartean hartzen duen liburu bakoitzean; hori horrela izanik, helburu nagusia entretenimentua izatea ez dut batere gaizki ikusten; gehiago esango nuke: nire kasuan, irakurtzen ditudan liburuak entretenitzeko eta une dibertigarri/beldurgarri/misteriotsuak pasatzeko erabiltzen ditut.

    Euskararen inguruan egiten didazun kritikatxoa, aldiz, guztiz onartzen dut. Agian aitzakia izan daiteke, beharbada nire egia, baina aurreko post batean aipatu nuen moduan, euskarazko liburuek oso gutxitan erakartzen dute nire atentzioa lehen begiradan, eta horretaz gain, ezjakintasunagatik seguruenik, ez ditut niri gustatzen zaizkidan generoko liburu gehiegi aurkitzen gure hizkuntzan. Hala ere, zure erronka jaso dut eta lehen pausu moduan, hemendik hamabost egunera argitaratuko dudan posta euskarazko liburu/idazleren baten ingurukoa izango dela agintzen dizut.

    Mila esker blogean parte hartzeagatik eta hurren arte!

    ResponderEliminar
  3. Beno, beno beno, eztabaida piztu da. Neurri batean Amaiarekin nago euskarazko liburu gutxik erakartzen duela esaten duenean, niri ere gauza bera gertatzen baitzait. Esan behar dut irakurri ditudan azken euskarazko liburuek ez nautela asetu, agian ez dut asmatu liburuekin, baina tira desanimoso nago azken aldian euskaraz irakurtzeko orduan eta pentsatzea lehen soilik euskarazkoak irakurtzen nituela...

    Gaiaz aldatuz eta Amaiaren galderari erantzun nahian gure garaikoak ziren, Los Cinco, Los Hollister... Hala ere garai hartan oso gutxi edota ezer ez nuen irakurtzen. Marrazki bizidunetan Heidi, Mazinger Z (oso gustukoa), Marco, Yaki y Nuka aipatuko nituzke. Eta txiki guztiek heroiak izan nahi dutenez nik ere banuen nire heroia Mazinger Z.

    ResponderEliminar