2010/08/21

Ziberespaziora jauzia!

Oporretatik etorri berria naiz eta, kurtso berria gertu dugun honetan, nire buruari halako promesa bat egin diot (bai, bai, urteberriaz gain, oporretatik bueltako garaiak ere balio du horrelako kontuetarako): blog bat idazten hastea. Egia aitortu behar badut, burutazio hau duela egun batzuk Normandia aldean, furgonetan lo ezin harturik nenbilen gau batean etorri zitzaidan gogora... loak noiz hartuko zain nengoela, zeri buruz idatziko nuen ere aritu nintzen pentsatzen eta ideia batzuk bildu nituen... Liburuak irakurtzea gustatzen zaidanez eta inguruko zenbait lagunek aholkuren bat edo beste eskatzen didatenez zer irakurri ez dakitela dabiltzanean, bloga ondoko helburu honekin sortzea pentsatu dut: irakurtzen ditudan liburu eta idazleen inguruko iritzi edota aipamenak biltzea.

Ezagutzen nautenek, badakite, gutxi gorabehera zein motatako liburuak gustatzen zaizkidan. Ez naiz ni izango liburu bat "ona" edo "txarra" den esango duena (sarritan agertu izan naiz horrelako iritzien aurka), nahiago dut liburu bat "gustatu zaidan" ala "gustatu ez zaidan" esatea, niretzat, gustatzen zaizkidan liburuak baitira onak. Bakoitzak ikusiko du zein motatako irakurketa atsegin zaion, zer bilatzen duen liburu bat eskuetan hartzean... (Uf! Gai honek eztabaida luze bat sor lezake eta ez da hori kontua). Esan bezala, ezagutzen nautenek, jada jakingo dute blog honetan zer aurkituko duten eta ezagutzen ez nauzuenok, hamabostean behin argitaratzen saiatuko naizen postak irakurtzera gonbidatzen zaituztet.

ONGI ETORRI!