2010/10/29

Ana la de Tejas Verdes


"Ana la de Tejas Verdes" 10-12 urterekin ikusten nituen marrazki bizidun batzuen izenburua zen. (goizeko 8etan jaikitzen nintzen larunbatetan kapituluak ikusteko!) Hasiera batean, telebistatik ezagutu banuen ere, ondoren, Lucy Maud Montgomery-ren liburuak deskubritu nituen eta 8 aleak eskuratu eta irakurri nituen.

Istorio honetako pertsonaia nagusia Ana Shirley da, bederatzi urte inguruko umezurtza. Gaizkiulertu bati esker Matthew eta Marilla Cuthbert anai-arreba zaharrek etxean hartzen dute Ana. Neskatila ilegorri honen burugogorkeriak eta paregabeko imajinazioak hainbat buruhauste ekarriko dizkien arren, Anaren buru argi eta bihotz onak guztiz irabaziko ditu anai-arreba hauen eta baita Avonleako herritarren bihotzak ere.

8 liburuetan zehar Anaren bizitza kontzen du idazleak, haurtzarotik, gaztarora eta, ondoren, helduarora ailegatu arte. Urte horietako lagunek, ikasketek, maitasun eta gorroto kontuek oso istorio bitxi, dibertigarri eta goxoak biltzen dituzte.

Idazkerari dagokionean,  berriz, deskribapen asko erabiltzen dituela aipatu behar da, Anaren imajinazio eta erromantizismoak beti aurkitzen baitu edertasuna gauzarik txikienetan ere. Hori dela eta, esan behar dut, liburu hauek irakurtzeari esker nire gaztelaniazko hiztegia dezente aberastu zela edo, normalean, 12 urtekook erabiltzen ez genituen hitzak ikasteko aukera eman zidala: "el lago de las aguas cristalinas", "el paseo de los amantes", "la burbuja de la dríada", "la avenida de los álamos ventosos"... edo tankerakoak.

Honegatik guztiagatik, oso maiteak ditut liburu hauek eta, aitortu behar dut, duela urte gutxi, berriz irakurri nituela.

Tira ez dakit zuetako inork Ana la de Tejas Verdes ezagutuko duen, nire ingurukoen artean, behintzat, ez baitut uste jende gehiegik ezagutzen zuenik. Baina beno, guztiok ditugu haurtzaroan ezagutu eta  oraindik bereziki maite ditugun istorio, liburu edo pertsonaiak. Zein dira zuenak?

2010/10/15

John Katzenbach

Aurreko postean  thriller generoa ikaragarri gustatzen zitzaidala kontatu nizuen eta hainbat idazle ere aipatu nizkizuen. Gaurkoan, horietako bat zuei aurkeztea edo ezagutaraztea da nire helburua: John Katzenbach (AEB,1950).

Bere lehen liburua, "Al calor del verano", 1982an argitaratu bazuen, ere, gure artean "El psicoanalista" nobelarekin lortu zuen arrakasta 2005. urtean. Ordutik hona, bere istorio zahar zein berriak iritsi dira gure eskuetara. 

Jarraian, autore honen bibliografia aurki dezakezue (AEBtako argitaratze data originala kontuan harturik, liburu berrienetik zaharrenera ordenaturik daude):
  • El profesor (2010): erosi berri dut eta irakurtzean kontatuko dizuet ea zer iruditu zaidan.
  • El hombre equivocado (2006): Irakurria
  • La historia del loco (2004): Irakurria
  • El psicoanalista (2002): Irakurria
  • La guerra de Hart (1999): ez dut irakurria
  • Juegos de ingenio (1997): Irakurria
  • La sombra (1995): Irakurria
  • Juicio final (1989): ez dut irakurria
  • Un Asunto pendiente (1989): Irakurria.
  • Retrato en sangre (1987): Irakurria
  • First Born (1984): ez dut gaztelaniaz aurkitu; ez dut irakurria.
  • Al calor del verano (1982): Irakurria
Hain famatua den "El psicoanalista" (nik uste ondoren argitaratu diren liburu guztietan edo ia guztietan jartzen duela "del autor de El psicoanalista") ez zitzaidan beste batzuk adina gustatu. Zerrenda honetatik irakurri ditudan liburu guztiek engantxatu eta ase nauten arren, batez ere "La sombra" eta "Juegos de ingenio" liburuak gomendatuko nituzkeela. Zerbait ezberdina dutela iruditzen zait.

Aipatu nahi nuke, baita ere, nobelen trama edo istorioez gain, liburuen azalek ere izugarri erakartzen nautela, hau da, liburu hauek, fisikoki ere asko gustatzen zaizkidala. Lehenengo liburua istorioagatik eta itxuragatik erosi nuen eta, gainontzekoetan ere, beraien azalek biziki erakarri izan naute. Hemen dituzue hainbat adibide. 

Zer iruditzen zaizue? Egia esan, horrelako istorioak gustatzen bazaizkizue, Katzenbach oso autore gomendagarria dela esango nuke.

Bestalde, zer deritzozue liburuen azalei buruz? Zenbateraino da garrantzitsua liburu baten itxura?  Zenbat eragiten dizue liburu bat erosterako garaian? 

Niretzat, pertsonalki, garrantzi handia du itxurak; begiekin asko erosten dut. Eta, agian jende askok gainera jauzi egingo dit hau esateagatik, baina euskarazko liburuen itxurak oso gutxitan erakartzen nau...

AURRERA! PREST NAGO ZUEN KRITIKAK JASOTZEKO!

2010/10/01

Zer du ba Milleniumek?

Nork ez ditu irakurri Stieg Larssonen (Suedia, 1954-2004) Millenium trilogiako liburuak? Duela urte pare bat izan genuen "boom" hura zela medio, iaz hiru liburuak irakurtzea erabaki nuen. Esan eta egin. Ez dut ukatuko 2000 orriak gustura irentsi ez nituenik, baina...

  • Istorioak "gantxoa" duen arren, zerk bereizten du antzerako beste hamaika bat nobelatatik? Blog honetako post-ak sortzen noan heinean ohartuko zareten moduan, thrillerrak edota misterio eta serie-hiltzaileen inguruko nobelak oso gustuko ditut. Hori dela eta, Millenium sortaren moduko hainbat liburu irakurria naiz eta, benetan, ez dakit, ez dut ulertzen, zergatik lortu duen Stieg Larssonen bilduma honek horrelako arrakasta. Ezagutzen al dituzue Jonh Katzenbach, Camilla Lackberg, Mari Jungstedt eta gisa honetako beste idazleak? Hauen berri izango duzue etorkizuneko post dezentetan, ziur! Azken urteotan pil-pilean dauden idazleak dira eta trilogiak idazten ez dituzten arren, Milleniumen tankerako istorioak aurki ditzakegu beraien liburuetan.
  • Bestalde, arrakastaren zergatiak alde batera utziaz, ez al zaizue iruditzen hirugarren liburuak orri erdiak soberan dituela? Oraindik nobelarik idatzi ez dudan arren (nork daki etorkizunak nolako sorpresak ekar diezazkigukeen... jeje) ulertzen dut trilogiak idaztea ez dela erraza izango, hari mutur asko lotu behar izango direla guztiaren koherentzia mantentzeko etab. Baina, benetan, Larssoen hirugarren lliburu honetan ez al da "betelan" kutsua antzematen? Irakurleari orri batzuk irakurri gabe pasatzeko gogoa pizten bazaio, ez da oso seinale ona izango, ezta? Eta hori da niri, eta nire inguruko zenbaiti, hirugarren liburu honekin gertatu zitzaiguna: 200. orrialdetik 500 garrenera salto egiteko gogoa izan genuela liburua irakurtzen ari ginen bitartean.
Beraz, zergatik lortu zuen Milleniunm sagak halako arrakasta? Filmak eta guzti egin ziren, normalean genero honetako liburuak irakurtzen ez dituen jendeak ere irakurtzeari ekin zion... "Boom" mediatikoak zeresan handia edukiko zuen, dudarik gabe; baina zergatik eman zitzaion Milleniumi "boom" hori? Benetan merezi al zuen? Zergatik Millenium eta ez besteren bat?

Tira, irrikatan nago zuen ekarpenak jasotzeko. Zer iritzi duzue zuek Millenium liburuei buruz? Ezagutzen al dituzue aipatu ditudan beste idazleak? Horietaz gain, estilo honetako beste idazlerik gomendatuko zenidakete?