2011/02/05

Fred Vargas eta Bajo los vientos de Neptuno

Azken postean esan nizuen moduan, "Bajo los vientos de Neptuno" irakurtzen ari nintzen, Fred Vargasen (Paris, 1957) nobeletako bat. Nobela beltza gustatzen zitzaidala esan ondoren, osaba batek gomendatu eta utzi zidan liburua. 

Gustatu ote zaidan jakin nahiko duzue, noski. Nola esango nizueke... Liburua bukatu bezain laster, idazle honen beste nobela bat irakurtzeari ekin diot, "Huye rápido, vete lejos"; baina bigarren nobela honi buruz, aurrerago hitz egingo dizuet, bukatzen dudanean edo.

"Bajo los vientos de Neptuno"-ra bueltatuz, Frantzia eta Kanada artean kokatzen dela esan genezake. Adamsberg komisarioak hurbil-hurbiletik biziko duen kasua izango da nobela honetako ardatza. Alde batetik, orain arte erlazionatu ez diren iraganeko hainbat hilketa eta hilketa bakoitzerako errudun argiak izango ditugu eta, bestetik, frogek ikusarazten dizkiguten esplikazio arrazionalen eta norberaren usteen arteko aldeak, susmagarri bakar gisa duela16 bat urte hildako pertsona boteretsu bat...

Oso modu irakurterrazean, istorioko puntu ilunak apurka-apurka argitzen joango dira, baina misterioa eta intriga hasieratik amaieraraino mantenduaz. Hori guztia esan ondoren, pentsatuko duzuen moduan, nire iritziz guztiz liburu gomendagarria da. Idazleari buruzko ideia osatuago bat edukitzeko berriz, oraingoz gustatzen zaidan arren, bigarren liburua bat irakurriko dut eta, ondoren, hitz egingo dugu!

Zer diozue zuek? Ezagutzen al duzue idazle hau?

2011/01/23

Sacrificio de invierno


Gabonetako oporretatik bueltan, 2011. urteko lehenengo postarekin nator gaurkoan. Azken postean aipatu nizuen, “Sacrificio de Invierno” liburua irakurtzen ari nintzela eta, hitz emanda moduan, liburua bukatu dudanez, nire iritzia emango dizuet.

Dudarik ez dago generoa nire gustukoa dela: detektibeak, argitu beharreko hilketa bat, hainbat susmagarri… Alabaina, liburuari martxa hartzea kosta egin zaidala esango nuke; azken kapituluetan ere, geroz eta interesgarriagoa zegoen arren, ez nuen liburua hartzeko irrika bizi hori sentitzen. Amaitu ondoren, esan dezaket, orokorrean istorioa gustatu zaidan arren, agian idazteko moduagatik edo ez dudala guztiz gozatu liburu honekin.

Ez gozatzeko arrazoien artean, hainbat otutzen zaizkit: lehen aipatu bezala, idazteko estiloa edota eleberriaren erritmoa, nire gusturako motelegia izango zen? Bestalde, eta agian tontokeria bat izango da, idazlea Suediarra da eta normala denez, bertako izenak erabiltzen ditu  pertsonaientzat zein lekuentzat, eta sarritan nahasgarriak egiten zaizkit (izen ingelesetara ohituak gaude, baina dirudienez, suediarretara ez... ni behintzat!). Azkenik, ez liburuarekin ezta idazlearekin zerikusia duen arrazoi bat ere badatorkit burura: ni neu. Batzuetan gertatzen da liburu bat eskuartean hartzerakoan, bestelako gauzak dituzula buruan, ez zaudela umorez, ez duzula irakurtzeko denbora hartzen… eta horrek liburua mantsoago irakurtzea ekartzen duela; horregatik, kosta egiten da istorioan murgiltzea eta, beraz, eleberria ez dugu behar bezala irakurri eta gozatzen.

Pentsatzen dut zuei ere halakorik gertatu izan zaizuela noiz edo noiz. Irakurtzeko gogo gutxirekin egotea eta liburua eskuartean hartzean gehiago kostatzean, istorioaz gutxiago disfrutatzea… Edo alderantziz ote da agian? Liburu batek hasieratik engantxatzen ez bagaitu, ez dugu liburua eskuartean hartzeko hainbeste gogo edukitzen eta, beraz, irakurtzea gehiago kostatzen zaigu… Ziurrenik bi kasuak bizi izan ditugu. Zer deritzozue zuek? Zenbateraino eragiten digu gure, esan dezagun, “egoera emozionalak” liburu batez gozatzeko garaian?

Eta post hau amaitzeko, aurreratzen dizuet, nobela beltzarekin jarraituz, oraingoan, Fred VargasenBajo los vientos de Neptuno” irakurtzen ari naizela. Ea hemendik bi astetara eleberri honi buruzko iritzia emateko moduan naizen!

Izan ongi!

2010/12/11

Nobela beltzetan murgiltzera noa...

Duela gutxi bukatu dut aurreko post batean aipatu nizuen John Katzenbach-en azken liburua: "El profesor". Idazle honen liburuek egin ohi duten moduan, nire espektatibak bete ditu honek ere. Katzenbach-ekin jarraituz, bere momentuan aipatu nizuen "El psicoanalista" liburua ez zitzaidala gehiegi gustatu, baina nire izeba bati irakurtzeko utzi nion eta haren iritziaren zain geratu nintzen, nire iritziekin sarritan etortzen baita bat. Alabaina, oraingo honetan ez da hala izan; esan didanaren arabera, berari liburua gustatu zaio, beraz, beharbada, (eta hori izan da aspalditik eduki izan dudan zalantza) "El psicoanalista" liburua ez nuen momenturik egokienean irakurri... (badakizue, batzuetan, gure egoera pertsonalaren arabera edo, liburu edo pelikula batzuk ez ditugu beren osotasunean gozatzen, barneratzen...).

Orain, izeba honek berak oparitu zidan "Sacrifio de invierno" liburua irakurtzen ari naiz. Idazlea Mons Kallentoft da (Suedia, 1968); ez berak ez nik ez genuen idazle hau ezagutzen, baina liburuaren laburpena irakurri zuen eta,beharbada, nire gustukoa izango zela iruditu zitzaion... Esango dizuet bukatzen dudanean!
 
Orokorrean, esan liteke, azken hilabete hauetan idatzi ditudan posten bidez nire gustu literarioak ezagutzen joan zaretela. Zuetako batzuk nire ohiko irakurketez gain dauden beste munduen berri eman didazue, hainbat liburu aholkatuz... Eta zuen desesperaziorako, ez nauzue konbentzitu... Tauro eta burugorra naizela ezin ahaztu! Besteren batzuk, berriz, misterio eta nobela beltzen inguruko gomendioak luzatu dizkidazue eta, kasuren batean, baita bere momentuan gustatu zitzaizkizuen nobelez beteriko poltsa bat (literalki) nire eskuetan jarri ere. Hori dela eta, "nobela beltzetan murgiltzera" noala kontatu nahi nizuen. "Sacrifio de invierno" bukatu ostean, hauexek izango dira irakurriko ditudan  liburuak:


- Philip Kerr-en, "Una llamada misteriosa" eta "Unos por otros".
- Fred Vargas-en "Huye rápido, vete lejos" eta "Bajo los vientos de Neptuno".
- Pavel Kohout-en "La hora estelar de los asesinos"
- Petros Márkaris-en "Defensa cerrada".
- Manuel Vázquez Montalban-en "El hombre de mi vida".
- Jorge Franco Ramos-es "Rosario Tijeras".



Horietako zeinekin hasiko zinatekete?

2010/12/03

Abenduak 3, EUSKARAREN EGUNA

Gaurkoan ez dut liburuen inguruko aipamenik egingo, soilik ohar txiki bat jarri nahi nuen blogean, gaur, abenduak 3, Euskaren Eguna baitugu!

Egin dezagun guztiok euskaraz!!!

“HIZKUNTZA BAT EZ DA GALTZEN EZ DAKITENEK IKASTEN EZ DUTELAKO, DAKITENEK HITZEGITEN EZ DUTELAKO BAIZIK" (Joxan Artze)

2010/11/26

Nora ez dakizun hori

Euskal literaturarekin jarraituz, joan den urtean edo deskubritu nuen liburu bat eta baita idazlea ere dakartzat gaurkoan gurera. Idazlea Irati Jimenez Uriarte (Mundaka, Bizkaia, 1977) da eta liburua Igartza Sariaren akzesita lortu zuen "Nora ez dakizun hori". 

Liburua honen deskribapen hau topatu dut ELKAR megadendaren web orrian: "Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak... Pasioz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena."
 


Positiboki harritu ninduen, ordura arte (nire ezjakintasunagatik agian) ez bainuen euskal literaturan likantropo eta banpiroen inguruko nobelarik topatu. Liburuaren azala ere erakargarria egin zitzaidan, ez dakit, ez al diozue Mari Jungstedt idazlearen liburuen tankera hartzen?



Aitortu behar dut, Iratiren liburu hau irakurri ondoren, oraindik ez dudala bere beste libururik hartu esku artean. Wikipedian begiratu ostean, ikusi dut 2006an Bat, bi, Manchester idatzi zuela eta, aurten berriz, Atsekabe zaitut. Ea hauetakoren bat ala biak irakurtzeko tartea aurkitzen dudan!

 Asteburu on!

2010/11/14

Fernando Morillo

Azken postean hartu nuen konpromisoari helduz, gaurkoan euskal idazle bat izango dut hizpide: Fernando Morillo (1974, Azpeitia). Formazioz fisikaria eta filosofoa den idazle hau Ortzadarra Sutan liburuaren bidez ezagutu nuela uste dut, nerabezaroan. Alabaina, urte batzuk geroago, Gloria Mundi liburua irakurri ostean piztu zitzaidan idazle honekiko interesa, euskal literaturan normalean topatzen ez dudan genero edo istorio mota aurkitu bainuen nobela honetan (zientzia fikzioa, misterioa...). Oso gustura irakurri nuen eta behin baino gehiagotan gomendatu izan diet nire ingurukoei. 
 
Hala ere, oraingoan dena ez da positiboa... Duela urte pare bat, 2008an, "Zure arimaren truke" izeneko liburu bat argitaratu zuen. Istorioak berak erakarri ninduen, kuriosoa da, ezberdina... Baina, nire gusturako, bere pasioetako bi izan daitezkeen fisika eta filosofia gehiegi sartzen ditu liburuan; istorioa kokatzeko, kontatzeko, ulertarazteko gai batzuen inguruko hainbat aipamen edo esplikazio txertatzea gaizki ez dagoen arren (eta beharbada beharrezkoa izan daitezkeen arren), nire iritziz, liburu honetan paragrafo gehiegi daude bi jakintzagaik hauen inguruko teorizazioari eskainiak... Sentitzen dut, Fernando, baina kontu hori dela medio, zapore gazi-gozoa utzi zidan nobela honek...

Zuetako inork ezagutzen ditu idazle honen liburuak? Zein iritzi duzue? Nik, egia esan, oraindik konfiantza dut Fernandorengan eta bere liburuak irakurtzeko intentzioarekin jarraitzen dut! Ea aurten argitaratu duen "Bilbo Samurai" irakurtzeko tartea hartzen dudan!