2011/02/05

Fred Vargas eta Bajo los vientos de Neptuno

Azken postean esan nizuen moduan, "Bajo los vientos de Neptuno" irakurtzen ari nintzen, Fred Vargasen (Paris, 1957) nobeletako bat. Nobela beltza gustatzen zitzaidala esan ondoren, osaba batek gomendatu eta utzi zidan liburua. 

Gustatu ote zaidan jakin nahiko duzue, noski. Nola esango nizueke... Liburua bukatu bezain laster, idazle honen beste nobela bat irakurtzeari ekin diot, "Huye rápido, vete lejos"; baina bigarren nobela honi buruz, aurrerago hitz egingo dizuet, bukatzen dudanean edo.

"Bajo los vientos de Neptuno"-ra bueltatuz, Frantzia eta Kanada artean kokatzen dela esan genezake. Adamsberg komisarioak hurbil-hurbiletik biziko duen kasua izango da nobela honetako ardatza. Alde batetik, orain arte erlazionatu ez diren iraganeko hainbat hilketa eta hilketa bakoitzerako errudun argiak izango ditugu eta, bestetik, frogek ikusarazten dizkiguten esplikazio arrazionalen eta norberaren usteen arteko aldeak, susmagarri bakar gisa duela16 bat urte hildako pertsona boteretsu bat...

Oso modu irakurterrazean, istorioko puntu ilunak apurka-apurka argitzen joango dira, baina misterioa eta intriga hasieratik amaieraraino mantenduaz. Hori guztia esan ondoren, pentsatuko duzuen moduan, nire iritziz guztiz liburu gomendagarria da. Idazleari buruzko ideia osatuago bat edukitzeko berriz, oraingoz gustatzen zaidan arren, bigarren liburua bat irakurriko dut eta, ondoren, hitz egingo dugu!

Zer diozue zuek? Ezagutzen al duzue idazle hau?

2011/01/23

Sacrificio de invierno


Gabonetako oporretatik bueltan, 2011. urteko lehenengo postarekin nator gaurkoan. Azken postean aipatu nizuen, “Sacrificio de Invierno” liburua irakurtzen ari nintzela eta, hitz emanda moduan, liburua bukatu dudanez, nire iritzia emango dizuet.

Dudarik ez dago generoa nire gustukoa dela: detektibeak, argitu beharreko hilketa bat, hainbat susmagarri… Alabaina, liburuari martxa hartzea kosta egin zaidala esango nuke; azken kapituluetan ere, geroz eta interesgarriagoa zegoen arren, ez nuen liburua hartzeko irrika bizi hori sentitzen. Amaitu ondoren, esan dezaket, orokorrean istorioa gustatu zaidan arren, agian idazteko moduagatik edo ez dudala guztiz gozatu liburu honekin.

Ez gozatzeko arrazoien artean, hainbat otutzen zaizkit: lehen aipatu bezala, idazteko estiloa edota eleberriaren erritmoa, nire gusturako motelegia izango zen? Bestalde, eta agian tontokeria bat izango da, idazlea Suediarra da eta normala denez, bertako izenak erabiltzen ditu  pertsonaientzat zein lekuentzat, eta sarritan nahasgarriak egiten zaizkit (izen ingelesetara ohituak gaude, baina dirudienez, suediarretara ez... ni behintzat!). Azkenik, ez liburuarekin ezta idazlearekin zerikusia duen arrazoi bat ere badatorkit burura: ni neu. Batzuetan gertatzen da liburu bat eskuartean hartzerakoan, bestelako gauzak dituzula buruan, ez zaudela umorez, ez duzula irakurtzeko denbora hartzen… eta horrek liburua mantsoago irakurtzea ekartzen duela; horregatik, kosta egiten da istorioan murgiltzea eta, beraz, eleberria ez dugu behar bezala irakurri eta gozatzen.

Pentsatzen dut zuei ere halakorik gertatu izan zaizuela noiz edo noiz. Irakurtzeko gogo gutxirekin egotea eta liburua eskuartean hartzean gehiago kostatzean, istorioaz gutxiago disfrutatzea… Edo alderantziz ote da agian? Liburu batek hasieratik engantxatzen ez bagaitu, ez dugu liburua eskuartean hartzeko hainbeste gogo edukitzen eta, beraz, irakurtzea gehiago kostatzen zaigu… Ziurrenik bi kasuak bizi izan ditugu. Zer deritzozue zuek? Zenbateraino eragiten digu gure, esan dezagun, “egoera emozionalak” liburu batez gozatzeko garaian?

Eta post hau amaitzeko, aurreratzen dizuet, nobela beltzarekin jarraituz, oraingoan, Fred VargasenBajo los vientos de Neptuno” irakurtzen ari naizela. Ea hemendik bi astetara eleberri honi buruzko iritzia emateko moduan naizen!

Izan ongi!