2011/01/23

Sacrificio de invierno


Gabonetako oporretatik bueltan, 2011. urteko lehenengo postarekin nator gaurkoan. Azken postean aipatu nizuen, “Sacrificio de Invierno” liburua irakurtzen ari nintzela eta, hitz emanda moduan, liburua bukatu dudanez, nire iritzia emango dizuet.

Dudarik ez dago generoa nire gustukoa dela: detektibeak, argitu beharreko hilketa bat, hainbat susmagarri… Alabaina, liburuari martxa hartzea kosta egin zaidala esango nuke; azken kapituluetan ere, geroz eta interesgarriagoa zegoen arren, ez nuen liburua hartzeko irrika bizi hori sentitzen. Amaitu ondoren, esan dezaket, orokorrean istorioa gustatu zaidan arren, agian idazteko moduagatik edo ez dudala guztiz gozatu liburu honekin.

Ez gozatzeko arrazoien artean, hainbat otutzen zaizkit: lehen aipatu bezala, idazteko estiloa edota eleberriaren erritmoa, nire gusturako motelegia izango zen? Bestalde, eta agian tontokeria bat izango da, idazlea Suediarra da eta normala denez, bertako izenak erabiltzen ditu  pertsonaientzat zein lekuentzat, eta sarritan nahasgarriak egiten zaizkit (izen ingelesetara ohituak gaude, baina dirudienez, suediarretara ez... ni behintzat!). Azkenik, ez liburuarekin ezta idazlearekin zerikusia duen arrazoi bat ere badatorkit burura: ni neu. Batzuetan gertatzen da liburu bat eskuartean hartzerakoan, bestelako gauzak dituzula buruan, ez zaudela umorez, ez duzula irakurtzeko denbora hartzen… eta horrek liburua mantsoago irakurtzea ekartzen duela; horregatik, kosta egiten da istorioan murgiltzea eta, beraz, eleberria ez dugu behar bezala irakurri eta gozatzen.

Pentsatzen dut zuei ere halakorik gertatu izan zaizuela noiz edo noiz. Irakurtzeko gogo gutxirekin egotea eta liburua eskuartean hartzean gehiago kostatzean, istorioaz gutxiago disfrutatzea… Edo alderantziz ote da agian? Liburu batek hasieratik engantxatzen ez bagaitu, ez dugu liburua eskuartean hartzeko hainbeste gogo edukitzen eta, beraz, irakurtzea gehiago kostatzen zaigu… Ziurrenik bi kasuak bizi izan ditugu. Zer deritzozue zuek? Zenbateraino eragiten digu gure, esan dezagun, “egoera emozionalak” liburu batez gozatzeko garaian?

Eta post hau amaitzeko, aurreratzen dizuet, nobela beltzarekin jarraituz, oraingoan, Fred VargasenBajo los vientos de Neptuno” irakurtzen ari naizela. Ea hemendik bi astetara eleberri honi buruzko iritzia emateko moduan naizen!

Izan ongi!