2010/11/26

Nora ez dakizun hori

Euskal literaturarekin jarraituz, joan den urtean edo deskubritu nuen liburu bat eta baita idazlea ere dakartzat gaurkoan gurera. Idazlea Irati Jimenez Uriarte (Mundaka, Bizkaia, 1977) da eta liburua Igartza Sariaren akzesita lortu zuen "Nora ez dakizun hori". 

Liburua honen deskribapen hau topatu dut ELKAR megadendaren web orrian: "Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak... Pasioz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena."
 


Positiboki harritu ninduen, ordura arte (nire ezjakintasunagatik agian) ez bainuen euskal literaturan likantropo eta banpiroen inguruko nobelarik topatu. Liburuaren azala ere erakargarria egin zitzaidan, ez dakit, ez al diozue Mari Jungstedt idazlearen liburuen tankera hartzen?



Aitortu behar dut, Iratiren liburu hau irakurri ondoren, oraindik ez dudala bere beste libururik hartu esku artean. Wikipedian begiratu ostean, ikusi dut 2006an Bat, bi, Manchester idatzi zuela eta, aurten berriz, Atsekabe zaitut. Ea hauetakoren bat ala biak irakurtzeko tartea aurkitzen dudan!

 Asteburu on!

2010/11/14

Fernando Morillo

Azken postean hartu nuen konpromisoari helduz, gaurkoan euskal idazle bat izango dut hizpide: Fernando Morillo (1974, Azpeitia). Formazioz fisikaria eta filosofoa den idazle hau Ortzadarra Sutan liburuaren bidez ezagutu nuela uste dut, nerabezaroan. Alabaina, urte batzuk geroago, Gloria Mundi liburua irakurri ostean piztu zitzaidan idazle honekiko interesa, euskal literaturan normalean topatzen ez dudan genero edo istorio mota aurkitu bainuen nobela honetan (zientzia fikzioa, misterioa...). Oso gustura irakurri nuen eta behin baino gehiagotan gomendatu izan diet nire ingurukoei. 
 
Hala ere, oraingoan dena ez da positiboa... Duela urte pare bat, 2008an, "Zure arimaren truke" izeneko liburu bat argitaratu zuen. Istorioak berak erakarri ninduen, kuriosoa da, ezberdina... Baina, nire gusturako, bere pasioetako bi izan daitezkeen fisika eta filosofia gehiegi sartzen ditu liburuan; istorioa kokatzeko, kontatzeko, ulertarazteko gai batzuen inguruko hainbat aipamen edo esplikazio txertatzea gaizki ez dagoen arren (eta beharbada beharrezkoa izan daitezkeen arren), nire iritziz, liburu honetan paragrafo gehiegi daude bi jakintzagaik hauen inguruko teorizazioari eskainiak... Sentitzen dut, Fernando, baina kontu hori dela medio, zapore gazi-gozoa utzi zidan nobela honek...

Zuetako inork ezagutzen ditu idazle honen liburuak? Zein iritzi duzue? Nik, egia esan, oraindik konfiantza dut Fernandorengan eta bere liburuak irakurtzeko intentzioarekin jarraitzen dut! Ea aurten argitaratu duen "Bilbo Samurai" irakurtzeko tartea hartzen dudan!