2010/11/14

Fernando Morillo

Azken postean hartu nuen konpromisoari helduz, gaurkoan euskal idazle bat izango dut hizpide: Fernando Morillo (1974, Azpeitia). Formazioz fisikaria eta filosofoa den idazle hau Ortzadarra Sutan liburuaren bidez ezagutu nuela uste dut, nerabezaroan. Alabaina, urte batzuk geroago, Gloria Mundi liburua irakurri ostean piztu zitzaidan idazle honekiko interesa, euskal literaturan normalean topatzen ez dudan genero edo istorio mota aurkitu bainuen nobela honetan (zientzia fikzioa, misterioa...). Oso gustura irakurri nuen eta behin baino gehiagotan gomendatu izan diet nire ingurukoei. 
 
Hala ere, oraingoan dena ez da positiboa... Duela urte pare bat, 2008an, "Zure arimaren truke" izeneko liburu bat argitaratu zuen. Istorioak berak erakarri ninduen, kuriosoa da, ezberdina... Baina, nire gusturako, bere pasioetako bi izan daitezkeen fisika eta filosofia gehiegi sartzen ditu liburuan; istorioa kokatzeko, kontatzeko, ulertarazteko gai batzuen inguruko hainbat aipamen edo esplikazio txertatzea gaizki ez dagoen arren (eta beharbada beharrezkoa izan daitezkeen arren), nire iritziz, liburu honetan paragrafo gehiegi daude bi jakintzagaik hauen inguruko teorizazioari eskainiak... Sentitzen dut, Fernando, baina kontu hori dela medio, zapore gazi-gozoa utzi zidan nobela honek...

Zuetako inork ezagutzen ditu idazle honen liburuak? Zein iritzi duzue? Nik, egia esan, oraindik konfiantza dut Fernandorengan eta bere liburuak irakurtzeko intentzioarekin jarraitzen dut! Ea aurten argitaratu duen "Bilbo Samurai" irakurtzeko tartea hartzen dudan!

1 comentario:

  1. Zaila da beti asmatzea.Morillok oraindik idatziko du zuri hainbeste gustatzen zaizun genero literarioa.Nik beste egile hau gomendatzen dizut:Aritz Gorrotxategi,eta bere liburu hau "Axola ez duenean".Literaturaz blai bustiko zara.

    ResponderEliminar