2010/09/17

Ez dakizu zer irakurri? BiblioEteca da behar duzuna!

Zenbat aldiz gertatu ote zaigu liburu bat bukatu eta beste bat irakurtzen hasi nahi dugunean  edota denboraldi bat ezer irakurri gabe egon eta, behingoagatik, zerbait irakurtzen hastera animatzen garenean, zer irakurri ez dakigula geratzea? Lagun bati gomendioa eskatu, egunkarietan agertzen diren aipamenak begiratu edota liburutegira joan eta jira eta bira ibili beharra izaten dugu libururen bat aukeratzeko; hamaika libururen laburpenak irakurri eta, ondoren, hau edo hura hartzen dugu gustatuko zaigunaren esperantzan... Azkenean etxera bueltatu, irakurtzen hasi eta "ah! Ez zen hau ni bila nenbilen liburu estiloa...".

BiblioEteca Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Informatika Fakultateko Adimen Artifizialeko Departamentuko ikasle ohi batzuk garatu duten sare soziala da. Erabiltzaile bakoitzari gomendio pertsonalak eskaintzen dizkio liburuen inguruan, eta baita webgune honetan aurkitu ahal izango dituen irakurketarako kide eta eztabaida taldeen inguruan ere.

Gomendio pertsonalizatuak egiteko, noski, lehenik eta behin, erregistratu eta kontu bat sortu behar da eta gero, irakurrita dauzkazun liburuei puntuazio bat eman behar zaie; hala, sistemak pertsona bakoitzaren gustuen inguruko informazioa jasotzen du eta, horren arabera egiten ditu gomendioak. Hori dela eta, norbere gustuen inguruko geroz eta informazio gehiago eman sistemari, orduan eta gehiago ikasiko du pertsona horri buruz eta, beraz, egiten dituen gomendioak bakoitzaren neurrira hobeto egokituko ditu.

Webguneak liburuak erosteko aukera ere eskaintzen du; horretarako, oraingoz, Casa del Libro dendaren webgunera bideratzen zaitu. Hala ere, e-book edo liburu elektronikoak indartzen doazen heinean, ez dute baztertzen, etorkizunean, irakurle eta idazleen arteko erlazioa sendotu eta, azken horiek beren liburuak zuzenean saltzea.

Oraindik garapen fasean dagoen tresna dugu BiblioEteca, baina interesgarria izan daitekeela iruditzen zait. Ni erregistratu naiz bertan. Zu animatzen zara? Kontaidazu zure esperientzia!

No hay comentarios:

Publicar un comentario