2010/09/03

Las crónicas de Bridei

Oporretan irakurri dudan liburuetako bat "La espada de Fortriu" izan da, "Las cronicas de Bridei" trilogiako bigarren alea. Istorioa Fortriu izeneko lurraldean kokatzen da, VI. mende inguruan. Lurraldea zatiturik dago antzinako sinesmenak mantentzen dituzten bertako herrialdeen/klanen, eta kristautasuna txertatu nahi duten kanpotarren artean.

Lehenengo liburuan (El espejo oscuro), lurraldea berriro batu eta antzinako sinesmenak mantentzeko lehen urrats gisa, pertsona boteretsuz osaturiko taldetxo txiki batek (druidak, familia boteretsuetako liderrak...) Bridei, 5 urte inguruko mutiko bat, etorkizunean errege izateko prestatuko du. Bigarren liburuak, berriz, urte luzez Fortriuk galduak zituen lur eremu batzuk berreskuratzeko, Bridei errege berriaren agindupean burutuko den guda erabakigarria izango du ardatz.

Istorio guztietan gertatu ohi den moduan, noski, bai lehenengo eta baita bigarren liburuan ere, protagonistek jorratu beharreko bidea ez da erraza izango; etsai berriak, ezustekoak eta, nola ez, dena hain modu bitxian aldatzen duten maitasun kontuak ere agertuko dira.

Irakurtzerako garaian, lehenengo liburuaren hasiera nahiko mantsoa dela esango nuke, pertsonaiak aurkeztu eta testuingurua ulertaraztea baititu helburu. Hala ere, ondoren, erritmo biziagoa hartzen du eta bigarren liburuan bizitasun edo tentsio puntu hori mantentzen ditu une oro.


Idazlea, Juliet Marillier, ez nuen orain arte ezagutzen. Bere webgunean ikusi dudanaren arabera, baditu 2-3-4 liburuz osaturiko beste hainbat saga eta, guztietan, fikzio historikoa, folklore fantasia, eta maitasuna nahiz familia dramak uztartzen dituela dio. Kontuan hartzeko idazlea dela iruditzen zait, beraz, saga honetako hirugarren liburua (El pozo de las sombras) irakurri ostean, orain arte bezain gustura jarraitzen badut J.Marillier-ekin, aipaturiko beste saga horietako bat irakurtzeko probabilitatea altua dela esango nuke.

Honelako liburuak gustatzen bazaizkizu, "Memorias de Idhun" irakurtzea gomendatuko nizuke eta, baita, "El nombre del viento" ere (adi! "La sombra del viento" beste liburu bat da). Biak ere trilogiak dira; lehenengoaren hiru aleak argiratatuak dauden arren, "El nombre del viento"-ren lehenengo alea soilik dugu oraingoz eskuragarrik; istorioarekin jarraitzeko 2011. urtera arte itxoin beharko dugu.

Zuen komentarioen zain geratzen naiz. Laister arte!

3 comentarios:

  1. Itxura polita du, horrelako istorioak gustokoak ditut. Ea irakurtzerik ditudan. Hala ere, Peter Berling-en bilduma bat dut irakurtzeko, 5 liburu, Los hijos del Grial-ekin hasten dena, hain zuzen.

    ResponderEliminar
  2. Ahulku bat, liburu hauen artean zein da gehien gustatu zaizuna?
    1.- La Princesa de Hielo
    2.- Los gritos del pasado
    3.- El hombre del viento

    ResponderEliminar
  3. Kaixo, Iñigo!

    Lehenengo bi liburuak idazle berdinarenak dira (Camilla Lackberg) eta thrillerrak direla esan genezake. Bestetik, "El nombre del viento"-k fantasia eta abentura ditu ardatz.

    Postean aipatzen nuen moduan, azken liburu honen bigarren zatia oraindik ez dago argitaratua. Hori dela eta, istorioak ez ninduen guztiz ase eta, gainera, bigarrena irakurtzeko aukera iristen zaidanerako istorioa erdi ahazturik izango dut.

    Aldiz, Camilla Lackbergek lau liburu baditu jada argitaraturik. Bata bestearen atzetik irakurtzea komeni da, istorio bakoitza independientea den arren, liburu guztiek hari komun bat baitute pertsonaia batzuen inguruan. Beraz, nire gomendioa da lehenengo LA PRINCESA DE HIELO irakurtzea.

    Mila esker zure komentarioengatik eta beste bat arte!

    ResponderEliminar