2010/08/21

Ziberespaziora jauzia!

Oporretatik etorri berria naiz eta, kurtso berria gertu dugun honetan, nire buruari halako promesa bat egin diot (bai, bai, urteberriaz gain, oporretatik bueltako garaiak ere balio du horrelako kontuetarako): blog bat idazten hastea. Egia aitortu behar badut, burutazio hau duela egun batzuk Normandia aldean, furgonetan lo ezin harturik nenbilen gau batean etorri zitzaidan gogora... loak noiz hartuko zain nengoela, zeri buruz idatziko nuen ere aritu nintzen pentsatzen eta ideia batzuk bildu nituen... Liburuak irakurtzea gustatzen zaidanez eta inguruko zenbait lagunek aholkuren bat edo beste eskatzen didatenez zer irakurri ez dakitela dabiltzanean, bloga ondoko helburu honekin sortzea pentsatu dut: irakurtzen ditudan liburu eta idazleen inguruko iritzi edota aipamenak biltzea.

Ezagutzen nautenek, badakite, gutxi gorabehera zein motatako liburuak gustatzen zaizkidan. Ez naiz ni izango liburu bat "ona" edo "txarra" den esango duena (sarritan agertu izan naiz horrelako iritzien aurka), nahiago dut liburu bat "gustatu zaidan" ala "gustatu ez zaidan" esatea, niretzat, gustatzen zaizkidan liburuak baitira onak. Bakoitzak ikusiko du zein motatako irakurketa atsegin zaion, zer bilatzen duen liburu bat eskuetan hartzean... (Uf! Gai honek eztabaida luze bat sor lezake eta ez da hori kontua). Esan bezala, ezagutzen nautenek, jada jakingo dute blog honetan zer aurkituko duten eta ezagutzen ez nauzuenok, hamabostean behin argitaratzen saiatuko naizen postak irakurtzera gonbidatzen zaituztet.

ONGI ETORRI!

7 comentarios:

  1. Lander Garroren "Kontrarioa" liburua irakurri berri dut eta ez dit guztiz ase. Azken aldian euskal literaturak ez nau asetzen.

    ResponderEliminar
  2. Kaixo Iñigo!

    Mila esker komentarioen atala estreinatzeagatik! Ez dakit gusto literario berak edo antzerakoak izango ditugun, baina dena dela, hamabostean behin argitaratuko ditudan post-ak irakurri eta komentatzen jarraitzera animatzen zaitut.

    Ondo izan!

    ResponderEliminar
  3. Oso ongi Amaia, gustura irakurri ditut zure iruzkinak nahiz liburuen berriak. Denbora gutxi dut nik irakurtzeko, hor ditut apalean liburu modroa pilaturik irakurtzeke zain, mardulak guztiak ere, Los pilares de la tierra, un mundo sin fin, Irigoienen azkeneko biak, Aingeru Epaltzaren beste biak... uffff...

    ResponderEliminar
  4. Kaixo Amaia, eskerrik asko zure iniziatibagatik. Irakurketan oso gustu antzekoak ditugu eta hemendik aurrera badakit non jarraitu zure aholkuak.

    ResponderEliminar
  5. Mila esker, Eva! Jarraituko dugu liburuen inguruko gure iritziak elkarbanatzen, blogean bertan edota bulegoko kafe-makinaren ondoan!

    ResponderEliminar
  6. Jope honek Tele 5-ko umore saio horren antza du.

    ResponderEliminar
  7. Gure bulegoko kafe-makinak hitz egingo balu... :)

    ResponderEliminar